euskaraespañol

Idoia Camacho Markina

Itsatsiegi ala urrunegi? Gure arteko tarteak zer dioen gutaz

Bozeramaileen Prestakuntzako eta Kazetaritza Espezializatuko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/28

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Zure azken oporretan beste herrialde batzuetatik ibili bazara, beharbada ohartuko zinen espazio pertsonalaren ideia aldatu egiten dela leku batetik bestera. Kultura latino eta arabeetan, esaterako, pertsonen arteko tartea txikiagoa izaten da, eta erosoago egon ohi dira elkarrengandik gertu. Herrialde anglosaxoi eta iparraldekoetan, aldiz, kontrakoa izaten da joera.

Ondorio horietara heldu zen Edward T. Hall antropologoa 1966an. Berak sortu zuen ‘proxemika’ terminoa, gure arteko harremanetan espazioa nola erabiltzen dugun ikertzen duen diziplina izendatzeko. Ikerketa arlo horrek asko esaten digu harreman sozial, kultural eta pertsonalez, eta erakusten digu espazioa askoz gehiago dela dimentsio fisiko huts bat baino.

Ikerketa berriagoek ñabardurak egin dizkiete Hallen ondorioei, neurri batean distantziarekin zerikusia daukaten arau sozialak aldatuz joan direlako denborarekin. Hala ere, azterlanek jarraitzen dute erakusten badirela inguruneari eta psikologiari lotutako faktoreak, zeresana daukatenak herrialde desberdinetako pertsonek distantziari buruz dauzkaten preferentzietan.

Desberdintasun horiek ezagututa, hobeto komunikatu ahal izango gara beste kultura batzuetako pertsonekin eta ez da txarto ulerturik edo egoera deserosorik sortuko, hori gerta bailiteke besteen espazio premiak aintzat hartzen ez baditugu.

Konturatuta edo konturatzeke, denok ematen diogu garrantzia proxemikari gure eguneroko bizitzan. Horretaz jabetzeko, nahikoa da pentsatzea zelan erabakitzen dugun non jesarriko garen parkeko banku batean, garraio publikoan edo itxaron gela batean. Edo nola ernegatzen garen norbait gure ohiko aulkian jesartzen bada edo gure hondartzako tokia hartzen badu, edo zelan sentitzen garen inork igogailu batean zuzenean begietara begiratzen digunean.

Izan ere, hitzez besteko lengoaiaren beste osagaiekin gertatzen den bezala, espazioa ere komunikazio tresna baliotsua da.

Lan eta eskola ingurunea

Espazioaren antolaketak eragin garrantzitsuak ditu lan giroan, eta are produktibitatean ere. Steve Jobsek oso ondo zekien hori eta horregatik diseinatu zuen Pixarren eraikina pertsonen arteko topaketak eta ustekabeko lankidetzak sustatzeko.

Erdian atrio bat jarri zuen, zeinetara sarrera, eskailera eta karraju nagusi guztiek ematen zuten. Bertan zeuden, halaber, kafetegia eta armairuak ere. Bilera geletako eta ikusgeletako leihoek ere erdiko atrio horretara ematen zuten. Espazioaren antolaketa hori zela eta, pertsonak nahitaez gurutzatzen eta elkartzen ziren bidean, eta horrek sormena eta berrikuntza sustatzen zituen.

Jobsek oso ondo ezagutzen zuen mundu digitalak dakarren isolamendua, eta horregatik aurrez aurreko bileren defendatzaile sutsua zen. Kasu gehienetan, aurrez aurreko interakzioetan aukera gehiago sortzen dira ideia berriak eta eraberritzaileak egosteko, eta langileen gogobetetzea ere handiagoa izaten da.

Bilera eta negoziazioetan gabiltzanean ere, garrantzitsua da non kokatzen garen. Edward T. Hallek ikusi zuen beste pertsonaren ondoan jesartzeak, mahaiaren erpinetako bat bien erdian dela, giro adiskidetsuagoa eta lankidetzazkoagoa sortzen duela aurrez aurre jesartzeak baino. Buruzagi politikoen bileretan altzariak kokatzeko moduak ere asko esaten digu haien asmoez.

Hezkuntzari gagozkiola, mahaiak eta aulkiak kokatzeko erak badu eraginik eskolaren dinamikan. U forman edo biribilean jarrita, ikasleen parte hartzea eta haien arteko harremanak hauspotzen dira; lerroz lerro kokatzeak, aldiz, entzule rola hartzera bultzatzen ditu ikasleak.

Hitzaldi batean non kokatu eta nola mugitu

'Formación de portavoces' liburuan azaltzen dudanez, hizlari batek bere mezua nola jasoko den baldintza dezake espazioa  erabiliz.

Entzuleengana hurbiltzeak konfiantza eta gertutasuna sortzen du, eta jendea inplikatuagoa sentitzen da. Ordea, distantzia handitzen denean, batez ere oholtza edo agertoki baten gainetik aritzean, autoritate eta formaltasun sentsazio bat sortzen da, eta hori ez da hain egokia jendeak parte hartzea bilatzen badugu.

Ezkerretik eskumara irakurtzen duen publiko baten aurrean, komeni da hizlaria pantailaren ezkerretara kokatzea, eta entzuleei begira, eta saiatzea ez jartzen alboz eta pantailari begira. Hala kokatuz gero, entzuleek hizlariari so egingo diote lehendabizi, eta gero diapositibetarantz begiratuko dute. Halandaze, hizlariaren presentzia sendotu egingo da, bera izango da aurkezpenaren protagonista. Eduki bisuala mintzaldiaren osagarri bat izango da, eta ez distrakzio bat.

Aurkezpena egin bitartean mugitzeak, dinamikotasuna, energia eta bizitasuna ematen dizkio mintzaldiari, betiere modu kontrolatu eta naturalean eginez gero, segurtasuna eta konfiantza adieraziz.

TED hitzaldietan, hizlariak agertokiko puntu gorri batean kokatu behar dira, ikusleen arreta mezura bideratzeko, eta horrela haren eragina handitzeko. Hala ere, hizlari batzuek konbentzio hori hausten dute beren aurkezpenari esangura berezia emateko. Adibidez, musika eta pasioari buruzko hitzaldi honetan, Benjamin Zander etengabe mugitzen da, bere mezuaren indarra hobeto helarazi aldera.

Espazioaren erabilera irudimentsuaren beste adibide bat Janine Shepherd-ek emandako TED hitzaldi honetakoa da. Bertan, hizlariak bost aulki erabili zituen, istripu baten ostean bizi izandako bost etapak irudikatzeko, eta horrela narrazio bisual eta emozional bat bihurtu zuen agertokia.

Beste norbaitekiko distantzia doitzen duzun hurrengoan, gogoratu komunikazio tresna ahaltsu bat erabiltzen ari zarela, proxemika, eta lanabes horrek eragina izan dezakeela pertzepzioetan, emozioak sor ditzakeela eta interakzio baten emaitza ona edo txarra izatea erabaki dezakeela.


OSZAR »