Jon Bernat Zubiri Rey
Legezko gehieneko lanaldia astean 37,5 ordura laburtzearen beharra
Ekonomia Aplikatua saileko kidea. Lan Harremanak eta Gizarte Langintza Fakultateko irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/22

Lan ordutegien erreforma orokorra urtea amaitu baino lehen gauzatuko da, eta denboraren antolaketa orekatuagoari esker, bizitzaren hainbat esparrutan hobekuntza ekonomiko zein sozial nabarmenak ekarriko ditu.
Lanaldiaren laburketa azken urteotan agenda sozialaren erdigunean kokatu da, lan arloko politika publikoen inguruko eztabaida berrindartuz. Norabide horretan sakontzen ari den herrialde bakanetakoa da Espainia, azken urteotako lan harremanetako erreforma esanguratsuei jarraiki. Etengabeko gutxieneko soldata igoerez, 2021eko lan erreformak ekarritako behin-behinekotasunaren beherakadaz eta sektore mailako negoziazio kolektiboaren indartzeaz gain, orain beste urrats erabakigarri bat emango da: soldatak jeitsi barik lanaldiaren laburketa orokortzeko akordioa, urte amaitu aurretik enpresa guztietan aplikatuko dena. Euskal Herriak ere joera horren parte izaten jarraituko du, zorionez.
Horrela, langileek lan-denboraren gaineko kontrol handiagoa izatea lortzen da, eta kapitalismoak esplotazioa areagotzeko duen joerari aurre egiteko aukera ematen die. Langile mugimenduaren, feminismoaren eta ekologismoaren aldarrikapenak batuz, lanaldi laburragoen aldeko apustuak bizitza duinago eta askatzaileago baterako gizarte-eredua marrazten du, eta, aldi berean, errenta eta lan guztien banaketa justuago baterantz urrats sendoak emateko beharra azpimarratzen du
Aspaldi ez da aurrerapauso handirik izan arlo horretan, baina bada nondik abiatu, aurrekari batzuk baliagarri direlako egungo erronkari heltzeko. 1990eko hamarkadako krisi garaian, lanaldiaren murrizketaren aldeko borrokek bizirik eutsi zioten ekoizpenaren eta enpleguaren galerari ikuspegi inklusibo eta berritzaile batetik heltzeko aukerari. Euskal Herrian oihartzun zabala izan zuen aldarrikapen horrek, eta sindikatuek greba orokorra antolatu zuten 1999an, 'lanordu gutxiago, lanpostu gehiago' lelopean. Hala, beste akordio batzuekin batera, 2001. urtean langile publikoentzako astean 35 orduko lanaldia ezarri zen.
Sektore pribatuari dagokionez, Frantzia izan da orain arte 35 orduko lan-astea orokortzea lortu duen herrialde bakarra, Aubry legeen bidez (1998 eta 2000. urteetan onartu zituen Jospinen gobernu sozialistak). Neurri haiek eraginkortasun handia izan zuten bai lanaldiaren laburketan, bai enplegu sorreran. Ondorengo urteetan, eskuineko gobernuek 'gehiago lan egin, gehiago irabazi' lelo produktibistaren bidetik neurri horien indarra ahuldu bazuten ere, Aubry legeak dira oraindik ere lanaldi laburragoak ezartzeko politika orokor eta esanguratsuen erreferente nagusitzat hartzen direnak.
Espainia bide horretan urrats sendoa emateko atarian da: koalizio gobernuak bere gobernu-programan jaso du lanaldiaren laburketa, eta laster onartuko da Kongresuan astean gehienez 37,5 orduko lanaldia ezartzen duen legea.
Kostu txikiko erreforma
Esan bezala, legezko gehieneko lanaldiaren murrizketa orokorraren inguruko berehalako erreformak areagotu egin du azken urteotan pil-pilean izan den eztabaida, eta argi utzi du lan eredua gehiengo sozialen mesedetara egokitzeko beharra. Mikel de la Fuente adituaren esanetan, lanaldiaren laburtzea da lan ordainduari eskainitako denbora gehiegizkoaren ondorioz sortzen diren lan eta gizarte arazo nagusiak konpontzeko biderik eraginkorrena eta kostu aldetik merkeena.
Lanaldiaren laburketa neurri eraginkor eta kostu apalekoa da, eta eragin zabala izango du, 13 milioi langile ingururi eragingo baitio. Neurriak soldata hobekuntzak ekarriko ditu, bereziki lanaldi partzialeko langileentzat, eta horrez gain, bestelako onura nabarmenak ere bai: langileen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea, produktibitatearen hazkundea eta laneko osasun arazoek edo bajek enpresentzat sortzen dituzten kostuak arintzea, besteak beste.
Azpimarratzekoa da neurriak kostu ekonomiko txikia duela, oraingo lehen urratsak ez baitu lan-denboraren murrizketa sakonik ekarriko. Are gehiago, lanaldi partzialeko emakume langileen soldaten hobekuntzarekin eta kontratazio berrien sustapenarekin lotuta dago. Lanaldi osoa ordu gutxiagokoa izateak ekarriko du partzialetan ari direnen soldatak proportzionalki handitzea, eta, ondorioz, haien soldata osoarekiko ehunekoa ere gorantz egingo du.
Asteko 37,5 orduko lanaldiaren orokortzea langabeziaren murrizketa txiki baten iturria izango da baita ere. Veronica Castrillonekin batera, Lan Harremanak aldizkarian kalkulatu dugu, aurreikusitako ia 200.000 lanpostu berrien sorreraren ondorioz, lan kostu berriak, kasurik onenean, 6.800 milioi euro ingurukoa izango direla. Kontratazio berriek kotizazioak handitzea, langabezi sarietan aurreztea eta zuzeneko eta zeharkako zergen bidezko diru sarrera berriak sortzea eragingo dituzte, eta gure estimazioen arabera lan kostu berrien bi herenekoa izango da zerga itzulera garbia.
Itzulera fiskal horiek lan kostu berriak konpentsatzeko tartea sortzen dute, enpresei erreforma aplikatzen laguntzeko finantzaketa neurri eskuzabalak ahalbidetuz. Kongresuan erreforma onartzeko eztabaidan zehar konpondu beharreko oztopo nagusia da enpresentzako diru laguntzena, eta enpresari elkarte eta sindikatuekin egindako negoziazioan Yolanda Diazek enpresa txikientzako mugatu nahi izan zuen arren, eskuineko alderdien babesa jasotzeko finantzaketa hedatzeko aukera dago.
Zergatik hainbeste erresistentzia enpresarien ordezkarien partetik? Lanaldia laburtzearen onura ekonomiko eta sozialek hobekuntza automatikoak ekarriko dituzte ordutegien berrantolakuntzaren ondoriozko produktibitate igoeretan, eta tokiko kontsumoaren eta enpresa txikien salmenten igoerak izango dira ere, denbora gehiago izatearen eta soldatak igotzearen ondorioz. “Efektu biderkatzaile" hori Paloma Villanuevak eta Luis Cardenasek kalkulatu dute, patronalen ordezkariek eta kapital handiari lotutako erakundeek egiten dituzten proiekzio ekonomiko negatiboak neurriz kanpokoak direla erakutsiz.
Lanaldi laburragoen onura sozial eta ekonomikoak
Lanaldi laburragoen onura garrantzitsuenak Bartzelonako Time Use Initiative-k argitaratutako argumentarioan nabarmentzen dira: lehenengoa da milioika pertsonak ordu gutxiago lan egingo dutela, beren bizi kalitatea hobetuz, lan arriskuak murriztuz eta ordaindutako enplegua beren bizitzarekin eta familia zaintza lanekin uztartzea erraztuz. Ildo beretik, ez da ahaztu behar bizitzeko denbora gehiago izatea osasun fisiko eta emozional hobea ere dakarrela, lo egiteko, atsedena hartzeko, familiarekin eta lagunekin egoteko eta norberaren bizitzarako ezinbestekoak diren beste jarduera batzuetan aritzeko aukerak zabalduz.
Horien artean, bizitza iraunkorren erdigunean dauden zaintza lanen banaketa ahalbidetuko du soldatapeko lanaldien laburketak, gizon eta emakumeen arteko harremanak despatriarkalizatzeko aukerak sortuz. Helburu hori lortzeko, lanaldi luzeak murrizteko erreforma deskonexiorako eskubidearekin eta lan denboraren gaineko kontrol eraginkorrarekin batera aplikatuko da, etxeko lanen banaketa sexistaren aurka borrokatzeko eragin nabarmena izanez, batez ere, ordaindutako enpleguan denbora gutxiago izateak aukera emango digulako gizonoi dagokigun eta gaur egun etxeetan egiten ez dugun lana gure gain hartzeko.
Baina esan bezala, gehiegizko lanaldia laburtzea ez da neurri sozial soila, eta onura ekonomikoak eragingo ditu ere, ordainsariak hobetuko dituelako, langile guztietako orduko soldatak eta lanaldi partzialeko langileen guztizko soldatak igotzen. Honek ere produktibitatearen igoerak eragingo ditu, Joan Sanchisek dioen bezala, gaixotasunei, estresari eta laneko bajei lotutako enpresentzako eta gizartearentzako kostu ekonomikoak aurreztearekin batera, lanerako joan etorrien eta lanpostuan emandako orduen murrizketak eragindako gastu ekonomiko eta energetikoak gutxituko dituelako ere.
Ildo horretan, gogorarazi behar da lanaldi laburragoak portaera iraunkorragoak sustatzen dituela, hala nola ibiltzea, garraio publikoa erabiltzea edo janaria prestatzea eta produktu eta zerbitzu jakin batzuk kontsumitzea saihesten duten beste zeregin batzuk egitea. Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, biztanleriaren sektore zabalen arabera identifikatzen den premia bat dago: haurrei arreta emateko aukerak hobetzea, seme-alabekin eta familiako gainerako pertsonekin denbora gehiago igarotzea, eta hori baldintza egokietara egokitu behar da denbora hori familien arteko gizonen eta emakumeen artean berdin bana dadin.
37,5 ordutik haratago
Amaitzeko, gogora ekarri nahi dugu oso garrantzitsua dela 37,5 orduko astearen orokortzea eraldaketa sakon baterako programa baten baitan kokatzea, eta horretarako enpresei aplikatzeko lagunduko dieten neurriak langileekin batera eztabaidatu eta gauzatu behar dira. Espainiako koalizio gobernurako akordioak adierazten duen bezala, jarraian "eragile sozialekin mahai bat eratuko da, laburketaren emaitzak aztertzeko, eta legezko lanaldia murrizten jarraitzeko".
Era berean, akordio berean aurreikusitako neurri osagarria den “Denboraren Erabileren Legea” bultzatu behar da ere, horri buruz Marta Junquek koordinatu zuen aurreproiektua abiapuntutzat hartuta, “emakumeen eta gizonen arteko denbora antolaketa orekatuago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duena, pertsonen ongizatea eta enpresa zein elkarte sarearen eraginkortasuna sustatuz”. Horretarako, legezko lanaldia laburtzeaz gain, Time Use Initiative-k ordutegiak arrazionalizatzea eta trinkotzea, langileen malgutasuna eta autonomia sustatzea eta ordutegi osasungarriagoak bilatzea proposatzen du.