euskaraespañol

Politika fiskalak oso eraginkorrak dira elikaduraren ingurumen-inpaktuak arintzeko

EHUren BIRTE ikerketa taldeak zergen eta dirulaguntzen konbinazio optimoak identifikatu ditu elikagaien kontsumoaren aztarna ekologikoak murrizteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/19

Mª José Gutiérrez EHUko Analisi Ekonomikoko katedraduna
Mª José Gutiérrez EHUko Analisi Ekonomikoko katedraduna | Argazkia: Mitxi. EHU

EHUko BIRTE (Bilbao Research Team in Economics) taldeko ikerlariek aztertu dute hainbat zerga-politikak nola laguntzen duten elikagaiak kontsumitzeak dakartzan karbono-emisioak, uraren erabilera eta elikagaien xahuketa murrizten. Ondorioztatu dute produktu guztien gaineko zergen igoera orokorra ez dela elikagai-kategoria bakoitza bereiz diruz laguntzea eta zergapetzea bezain eraginkorra. Halaber, aipatu dute zeinen garrantzitsua den lortu beharreko helburuen araberako politika berezituak diseinatzea.

Elikadurak eragin handia du ingurumenean; izan ere, elikagaiak ekoizteak, prozesatzeak, garraiatzeak, prestatzeak eta haien azken kontsumoak ur asko eskatzen dute, karbono-emisio handiak eragiten dituzte eta elikagai batzuk alferrik galtzea eragiten dute. Hala dio Mª José Gutiérrez EHUko Analisi Ekonomikoko katedradun eta BIRTE iker-taldeko kideak. Hala ere, azpimarratu behar da produktu guztiek ez dituztela ondorio ekologiko berberak. Adibidez, nabarmentzekoa da zerealen ekoizpena, ur-litro asko behar dituelako, eta haragiarena, berriz, berotegi-efektuko gas-kantitate handiak igortzen dituelako. Beraz, jaten dugunak eragin garrantzitsua du bai gure osasunean eta bai planetarenean. Gure dieta aldatzen bada, gure ingurumen-aztarna ere bai.

Egoera hori ikusita, gure dietan aldaketak dakartzaten arrazoien artean, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) BIRTE ikerketa taldeak faktore ekonomikoetan jarri du arreta, eta, zehazki, zerga-politikek elikaduraren aztarna ekologikoa arintzeko duten potentzialean. Ekonomia eta Enpresa Fakultateko BIRTE iker-taldeak (Bilbao Research Team in Economics) lan merkatuen demografiak, makroekonomia eta finantzak, politika ekonomikoak, baliabide naturalen eta ingurumenaren ekonomia, energia merkatuak, sareak, gatazka analisiak, industria ekonomia eta ekonomia politika ikertzen ditu, besteak beste. “Elikagaien prezioek gora eta behera egiten dutenean, aldatu egiten da erosketa-saskira sartzen duguna eta, beraz, erositakoak ingurumenean duen eragina ere bai. Eta kontuan hartuta zergak eta dirulaguntzak, azken finean, prezioak aldatzeko modu bat direla, aztertu dugu zenbait elikagai zergapetzeak eta diruz laguntzeak zer eragin duen jendearen erosketa-ohituretan”, azaldu du María José Gutiérrez EHUko Analisi Ekonomikoko katedradunak.

Kalkuluak egiteko, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren datu-basetik abiatu dira, oso informazio zehatza ematen baitu etxe arrunt baten hileroko erosketa-saskian dagoenari buruz, 20 urteko datuez baliatuz. “Gai gara, tresna estatistikoen bidez, herritarrek zergen eta dirulaguntzen askotariko konbinazioei nola erantzungo lieketen kalkulatzeko, hau da, zer ez luketen kontsumituko edo zer erosiko luketen gehiago. Gainera, beste azterlan batzuen emaitzak erabiliz, erosketa-saski bakoitzaren ingurumen-inpaktua kalkulatu ahal izan dugu, eta lortutako emaitzetatik ondorioztatu dugu, hain zuzen ere, zerga-politikak tresna eraginkorrak direla elikaduraren aztarna ekologikoa murrizteko”, zehaztu du Gutiérrezek.

Elikagai-kategorien araberako eta helburuetara egokitutako zergak eta dirulaguntzak

Batetik, atera duten ondorio nagusietako bat da politika orokorrak ez direla oso eraginkorrak. Ikerketak agerian utzi duenez, adibidez, elikagai guztiei BEZa % 20 igoz gero, karbono-aztarna % 3 baino ez litzateke jaitsiko, eta ur-kontsumoaren eta janaria alferrik galtzearen aztarnak, % 1 baino gutxiago. “Halako prezio-igoera batekin, askoz elikagai gutxiago kontsumituko genituzke, eta, beraz, ingurumen-inpaktua murriztuko litzateke, bai, baina frogatu dugu oso gutxi txikituko litzatekeela. Aldiz, ikerketaren ondorioek egiaztatu dute emaitza hobeak lortzen dituztela politika berezituek, elikagai batzuk zergapetzen eta beste batzuk diruz laguntzen dituztenek, batzuetan  karbono-aztarna % 18 murriztu baitzen, eta uraren erabilera, % 11”, azaldu du Gutiérrezek.

Politika berezituei dagokienez, EHUren azterlanak beste urrats bat egin du, eta zergen eta dirulaguntzen konbinazio optimoak identifikatu ditu, elikaduraren inpaktu-ekologikoa arintzeko. “Ez dugu aukera zehatz baten alde egin; aitzitik, informazioa jarri dugu legegileen eskura, haien helburuetara hobekien egokitzen diren zerga-politikak diseinatu ahal izan ditzaten”, argitu du Gutiérrezek.

Izan ere, ikertzaileek azpimarratu dute bereziki garrantzitsua dela lehentasunak ezartzea eta kontuan hartzea zer aztarna arindu nahi den gehien, ikerketak agerian utzi baitu ez dagoela zerga eta dirulaguntza konbinaziorik hiru ingurumen-inpaktu motak nabarmen murriztea lortzen duenik. Hain zuzen, egiaztatu dute aztertutako formula gehienek aztarnaren bat handitzea dakartela. Hala ere, Gutiérrezek esan du hiru ingurumen inpaktuak arintzen dituzten konbinazio batzuk ere aurkitu dituztela: “Adibidez, lekaleak eta oliotarako haziak, zerealak eta itsasoko produktuak % 20 lagunduz; eta haragia, frutak eta barazkiak, arrautzak, esnekiak eta gainerako kategoriak neurri berean zergapetuz, ur-aztarna % 11 murriztuko litzateke; karbonoarena, % 9; eta janari-xahuketa % 4 jaitsiko litzateke. Inpaktu guztiak jaitsiko lirateke, baina baliteke nahikoa ez izatea, legegileentzat lehentasuna karbono-emisioak murriztea bada”.

Prezioen igoerak eta jaitsierak handiak izatearen garrantzia

Bestalde, ikerketak nabarmentzen duenez, zerga-politiken eragina handia izan dadin, prezioen igoerek eta jaitsierek handiak izan behar dute. Gutiérrezen esanetan, horren arrazoia da “elikagaien eskaria, ekonomialariok esaten dugunez, inelastikoa dela. Adibidez, zerealen prezioa % 1 igotzen bada, kontsumoa % 0,53 murrizten da. Proportzionala ez denez, aldaketa handiak lortu nahi badira, igoera edo jaitsiera handiak aplikatu behar dira. Horregatik, % 20rainoko zerga eta dirulaguntzekin egin ditugu kalkuluak”.

Azkenik, EHUren azterlanak adierazten du ez direla ahaztu behar elikagaiei aplikatutako zerga-politiken albo-ondorioak, esaterako, eragin ditzaketen ondorio sozialak eta nutrizioaren alorrekoak:  “Baliteke batzuetan, ingurumen-aztarna murrizteko, herritar zaurgarrienen oinarrizko elikagaien zergak igotzen aritzea. Edo gerta daiteke, bestela, adibidez, uraren kontsumoa murrizteko frutak eta barazkiak zergapetzearen ondorioz haien kontsumoa jaistea eta, beraz, jendeak funtsezko bitaminak gutxiago hartzea”, zehaztu du Gutiérrezek. Aurreratu duenez, etorkizuneko lanetan nutrizioaren alorreko eraginen azterketa sakontzeko asmoa dute.

Informazio osagarria

María José Gutiérrez Analisi Ekonomikoko katedraduna da Bizkaiko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Eskolak ematen ditu Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzean, eta Finantza eta Ekonomia Kuantitatiboko Doktoretza Programako zuzendaria da. Egin duen ibilbidean zehar, bere ikerketa-ildo nagusiak ingurumen-ekonomian eta baliabide naturalen ekonomian oinarritu dira, eta, duela gutxi, osasunaren ekonomiaren eremuan hasi da lanean.

Artikulu zientifiko hori elkarrekin egin dute EHUn doktoretza egin zuen Belén Inguanzo ikertzaileak eta Susan Orbe Metodo Kuantitatiboen Saileko eta BIRTE ikerketa-taldeko kideak. Susan Orberen ikerketa-jardueraren oinarria  zenbatesle ez-parametrikoak garatzea eta aplikatzea izan da, eta azken urteotan lan-ildo bat ireki du osasunaren, hezkuntzaren eta energiaren esparruetan dagoen ezberdinkeria aztertzeko.


OSZAR »