euskaraespañol

Eguneko irudia

Gure zientzialariak, maisu-maistrak egun batez

EHUko 64 irakasle hiru lurraldeetako hiri handietako zein herri txikietako 56 ikastetxetara hurbildu dira zientzia karrerak bultzatzera Zientzia Zirkularra programan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/29

Amorotoko eskolako umeak indusketa paleontologikoan
Indusketa paleontologikoa Amorotoko eskolan | Argazkia: Fernando Gómez. EHU.

Europa osoan egiten den Ikertzaileen Europako Gauaren baitan, Researchers at School izeneko programa ere garatzen da. Horri gurean Zientzia Zirkularra deitu diogu. Helburua da unibertsitate publikoan egiten den lana Euskadiko herri eta hirietako ikastetxeetako ikasleei hurbiltzea, eta haien artean zientzia-karrerak sustatzea, genero-oztopoak ezabatuz.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 64 irakasle eta ikertzailek zientzia unibertsitate-geletatik atera eta, Zientzia Zirkularra programaren baita, Euskadiko txoko guztietara eraman dute: herri txikietako eskoletara zein hirietakoetara; publikoetara zein pribatuetara,; haur eta lehen hezkuntzakoetara zein bigarrenekoetara, baita batxilergoko eta heziketa profesionaleko zentruetara ere.

Programak eskainitako hitzaldi eta tailerrek harrera paregabea izan dute aurtengo edizioan. Epea zabaldu bezain laster bete ziren eskainitako plaza guztiak, eta 2024-2025 ikasturtean, hiru lurraldeetako 56 ikastetxetako 3.800 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte Zientzia Zirkularrean. EHUko irakasle eta ikertzaileek euren ezagutza zientifikoa modu atsegin eta hurbilean partekatu dute, gizarteari ekartzen dizkioten onurak ikasleei ezagutaraziz.

Zientzia Zirkularrean parte hartu duten ikertzaile eta irakasleek argi dute euren motibazio nagusia: zientzia haurrei hurbiltzea. Eskoletan harrera ona izaten dute, izan ere, EHUko zientzialariak dira programa hau posible egiten dutenak, euren esfortzu eta konpromisoari esker, eta erantzukizuna handia da. Esther Acha, Bilboko Ingeniaritza Fakultateko irakasleak, azpimarratzen du esperientzia honek irakasle gisa berritzen dituela: "Gure motibazio nagusia da zientzia haurrei hurbiltzea, oraindik bizirik duten berezko jakin-min hori luzatzea, eta erakustea galderak egiteak erantzunak bilatzera eramaten gaituela, eta horrek, aldi berean, ezagutza sortzera. Hori da ikertzea: mundua hobeto ulertzea, garapen tekniko eta sozial berriak bultzatzeko."

Tailer praktikoak eta benetako esperientziak

Guztira 36 jarduera antolatu dira: 20 tailer eta 16 hitzaldi, 100 saio baino gehiagotan. Horien artean, hainbat adibide esanguratsu aurki ditzakegu:

4.000 milioi urteko historiaren aztarna Amoroton:

AMOROTO

Ainara Badiolak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko paleontologoak, hiru eguneko indusketa paleontologikoa antolatu du Amorotoko Herri Eskolan. Haur eta Lehen Hezkuntzako umeek gure inguruko ondare naturalaren garrantziaz ikasi dute, fosilak identifikatzen eta denboran kokatzen ikasi dutelarik. "Zientzia zirkularrak hainbat gai zientifiko, Haur Hezkuntza edo Lehen hezkuntzako haurrei ere, era praktikoan gerturatzeko eta, batez ere, gai batzuekiko sentsibilizazio-lana egiteko aukera ona eskeintzen du", dio Badiolak.

 

Uraren misterioak eta garrantzia:

MUSKIZ

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Esther Acha, Miren Martinez eta Nerea Viar ingeniari kimikoek, berriz, Ze zapore du urak izeneko tailerrarekin Bizkaiko ikastetxeetan izan dira. Lehen Hezkuntzako ikasleekin ur molekulak sortu, ur mota ezberdinak probatu eta uraren tratamenduaren garrantziaz hitz egin dute. "Unibertsitateko ikerketa zientifikoa Lehen Hezkuntzako haurrei hurbiltzea funtsezkoa da haien jakin-min naturala pizteko eta txiki-txikitatik metodo zientifikora hurbiltzeko. Zientziarekiko lotura goiztiar horrek bokazioak sorrarazten ditu, eta, bereziki, genero-arrakalak murrizten ditu STEM eremuetan. Gainera, kultura zientifikoa sustatzen du gizartean, beharrezkoa baita etorkizuneko erronkei ezagutzaz eta kontzientziaz aurre egiteko, hala nola edateko uraren eskasia edo klima-aldaketa", adierazi du Achak.

 

Mikroplastikoen arrastoa itsasoan:

ETXABE

Jose Mª Etxabe Urbieta, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle eta ikertzaileak, soinuaren kutsaduraren eta mikroplastikoei buruzko hitzaldiak eman ditu Gipuzkoako institutuetan. Ikasleekin itsasoko ura eta moluskuen oskolak aztertu dituzte, eta jasangarriagoak izateko egin ditzakegun ekintzak eztabaidatu dituzte, besteak beste. Etxabek nabarmentzen duenez, ikastetxeekin zuzeneko harremana izatea oso motibagarria da, ikasgelan garatzen ari diren gaiekin lotura duten hitzaldiak eskaintzen ditugu Irakasleek gure ikas-egoerak jasotzen dituzte eta beraiek hurrengo saioetan lantzeko materialak jasotzen dituzte..Ikasleak adi-adi egoten dira eta unibertsitateko irakasleen bizipenengatik galdetzen dute. Esperientzia aberasgarria da baina lan handia eskatzen du, eta erantzunkizuna handia da.

 

Klorofilaren kolore berdea eta bere sekretuak:

BECERRIL

Zientzia eta Teknologia Fakultateko Jose Mª Becerril landare-fisiologian katedradunak, Irati Becerril eta Bingen Marcos doktore-aurreko ikertzaileekin batera klorofilaren sekretu zientifikoak aztertu ditu ikerketa eta esperimentazioaren bitartez. ”Ikasteko motibazioa haurren berezko jakin-mina sustatzearekin lotuta dago, bai eta eduki teorikoak osatu eta indartzen dituzten esperientzia praktikoak egitearekin ere. Ikastetxeetan unibertsitateko irakasleek esperimentuak inplementatzeak interes handia pizten du ikasleenga. Gainera, trebatzen ari diren ikertzaileen parte-hartzeak ikasleekiko hurbiltasun handiagoa errazten du, interesa sortzen du eta eredu inspiratzaile gisa balio du, modu nabarmenean erakusten baitu nola iristen den ikertzaile izatera”, nabarmendu du Becerrilek.

Bakterio onuragarriak ezagutuz:

SALAZAR

Adrian Salazar eta Angela Trejok, Farmazia Fakultateko doktorego-aurreko ikertzaile kimikariek, zientziaren alde dibertigarriago bat erakusteko aukera izan dute Arabako ikastetxeetan Edaten dugun ura aztertzen. Hitzaldietan bakterioen eta onddoen ospe txarra desmitifikatu dute, mikroorganismo askok duten potentzial onuragarriaz hitz eginez. "Unibertsitatetik eta haren laborategietatik egiten dugun lana balioan jartzen duela iruditzen zait, egiten dugun lana herritarrei ezagutarazten eta hurbiltzen laguntzen duena, gure inguruko mundua ikertzeko eta horretan inbertitzeko beharra ikusarazten duena hainbat ikuspegitatik", dio Salazarrek.

 

Etorkizuneko zientzialariak sustatzen

Zientzia Zirkularraren bitartez, EHUk ez du soilik ezagutza partekatzen, baita jakin-mina pizten eta etorkizuneko zientzialarien hazia ereiten ere. Ekimen honek, zalantzarik gabe, eragin positiboa izango du euskal gizartearen kultura zientifikoan eta gure gazteen etorkizuneko aukeretan.

Zientzia Zirkularra EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak (Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetza) antolatzen du, G9-SCIENCE4All europear proiektuaren testuinguruan, Europako Batzordeak finantzatuta, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) ekintzen barruan, Europako Ikerketa Esparru Programaren barnean sartzen da. Europako Batasunak mundu osoko arazo sozial handiei irtenbideak emateko abian jarri dituen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioetan oinarritzen da. Hauek dira misio horien ardatzak: Minbizia, Klima Aldaketara Egokitzea (Eraldaketa Soziala barne), Ura eta ozeanoak, Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta Lurzoruaren osasuna eta Elikagaiak. Horiek guztiek Europako Itun Berdearen, Minbiziaren Aurkako Europako Planaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) xedeak lortzen lagunduko dute.

Hurrengo ediziotik aurrera Zientzia Zirkularra programaren ekimenak Eusko Jaurlaritzaren STEAM SARE KATALOGOaren bitartez ere zabalduko dira. Helburua da STEAM Hezkuntza estrategiarekin uztartzea, hau da, hezkuntzako etapa guztietan heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, STEM arloko bokazio eta asmo profesionalak sustatzea, ikasle neskei arreta berezia eskainita; eta euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Informazio gehiago laster ikusgai hemen.


OSZAR »