euskaraespañol

Eguneko irudia

Zenbatetsi da Shöningen-eko lantzak duela 200.000 urtekoak direla

UPV/EHUk historiaurreko tresna horien datazioa berrikusi duen ikerketan parte hartu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/09

Aritza Villaluenga Martínez Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Historiaurrea Arloko irakaslea | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Shöningeneko lantzen adinaren berrikuspenaren arabera, duela 200.000 urtekoak dira, ‘Science Advances’ zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerketak dioenez. Hortaz, egurrean zizelkatutako historiaurreko ehiza tresna osoen horiek, munduko zaharrenak eta Alemaniako herri horretakoak, hasiera batean uste zen baino 100.000 urte gazteagoak dira.

Schöningen hiria, Saxonia Beherean (Alemania), mundu osoan ospetsua da bertako arkeologiagatik. Izan ere, bertan aurkitu zen Paleolitikoko hoberen mantendutako egurrezko tresnen multzoa bikaina, gutxi gorabehera duela 300.000 urtekoa. Aztarnategiaren garrantzia aitortzeko eta gizakien ehizarako gaitasunaren eboluzioa ulertzeko, 2013an ‘Paläon’ Museoa eta Ikerketa Zentroa sortu zen.

Shöningeneko aztarnategiko sedimentuek ezaugarri bereziki erreduzitzaileak dituzte, eta, horri esker, egurrezko lantzak eta beste tresna batzuk hobeto mantendu ahal izan ziren; tresnekin batera ehizakinen aztarnak aurkitu ziren, batez ere zaldienak. Lehenengo lantzak aurkitu zirenean, 90eko hamarkadaren erdialdean, zenbatetsi zen zuela 400.000 urte ingurukoak zirela, baina ondoren berrikusi zen eta adina txikitu zen, 300.000 urteko datazioa eginez.

Izan ere, hasierako datazio horiek oinarri hartzen zuten azalaren gaineko eta azpiko geruzetako sedimentuen kronologia erlatiboa, ez zuzenean “Lantzaren Horizontea” (Spear Horizon) delakotik bertatik lortutako datuak. Zalantza horiek zirela eta, tresnen adina hainbat urtez eztabaidatu zen. Orain, lehen aldiz, “Lantzaren Horizontea”ren materialen zenbakizko datazioak aurkeztu dira, honako hauen elkarlanarekin, besteak beste: esperientzia handiko nazioarteko ingurumen eta geologiako eta ingurumeneko zientzialariak; Leibniz Zentrum für Archäologie (LEIZA) zentroko, Mainzeko Johannes Gutenberg Unibertsitateko (JGU), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta MUPACeko arkeologoak; eta Yorkeko Unibertsitateko eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikerlariak.

Datu horiek adierazten dute lantza ospetsuek hasieran uste zen baino 100.000 urte gutxiagoko adina dutela, ‘Science Advances’ aldizkarian ikerketa taldeak argitaratutako zientzia artikuluaren arabera. Ondorioz, zenbatetsi da “Lantzaren Horizontea”k 200.000 urte inguruko antzinatasuna duela.

Datazioaren ikuspegi berriaren elementu garrantzitsua izan da aminoazidoen errazemizazio gisa ezaguna den analisi metodoa; metodoa azken urteetan Yorkeko Unibertsitateko (Ingalaterra) Kirsty Penkan irakasleak eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) Estratigrafia Biomolekularreko Laborategiko Trinidad de Torres eta José Eugenio Ortíz irakasleek zuzendutako ikerketa taldeek biribildu dute, eta laborategi horiek mundu osoan teknika hori aplikatzen duten lau laborategietako bi dira.

Ikuspegi biokimiko horrek aprobetxatzen du aminoazidoak bi era espekularretan ager daitezkeela: L itxuran (leskerbirakaria) eta D itxuran (eskuinbirakaria), molekulen loturen antolaketaren arabera. Izaki bizidunetan, L erako aminoazidoak gailentzen dira. Hil ostean, errazemizazioa gertatzen da, hau da, L-aminoazidoak D erako aminoazido bihurtzen dira. Hortaz, L eta D aminoazidoen arteko proportzioa aztertuz, laginen adina zehaztu daiteke.

Shöningenen, ‘Bithynia’ generoko ur gezako gasteropodo txikien operkuluen errazemizazio maila zehaztu zen. Operkuluak bizitegi barrunbea ixten duten gasteropodo batzuek dituzten eskeleto zati kaltzitikoak dira. Hondar horiek hainbat milurtekotan oskolaren garapenari lotutako aminoazidoak gordetzen dituzte (biomineralak). Azterlanean ikertutako laginak 90eko hamarkadan Schöningeneko indusketetan aurkitu eta bildu ziren sedimentu blokeetakoak dira. Errazemizazioaren datazioan erabilitako beste lagin batzuk gizakiek ehizatutako zaldien (‘Equus’) hortzetakoak eta aztarna arkeologikoak gorde ziren giro zingiratarrean bizi izan ziren krustazeo txikien (ostrakodoak) oskoletakoak dira. Lagin horiek guztiek, azterlanaren esparruan landuek, aztarnategiaren adin berriagoa berresten dute.

Adin txikiagoko zenbatespenak Schöeningeneko aurkikuntzek giza eboluzioaren azterketan erreferente gisa duten garrantzia azpimarratzen du. Adin horrekin, Schöningen Erdi Paleolitikokoa zen, lehenengo Neandertalgo gizakien arokoa. Lantzak egoteaz gain, aztarnategia garrantzitsua da bertan ehizaren ebidentzia argiak daudelako, aurreko aldietako beste aztarnategi batzuekin alderatuta. Urteko sasoi guztietan, behin eta berriz zaldi talde txikiak hil zituzten Schöningeneko zingira zaharraren bazterrean; guztira 50 zaldi baino gehiago, Neuwied-etik (Alemania) hurbil dagoen LEIZAren Centre and Museum for Human Behavioural Evolution MONREPOS instalazioak eginiko aurreko azterlan batean egiaztatu zen moduan.

Hala ere, animalia espezie bakar baten ehiza espezializatua duela 250.000 eta 200.000 urte arteko tartean baino ez da dokumentatu Europan. Datazio berriarekin, Schöningenek bat egiten du ehizarako gaitasunaren azkartze nabarmena erakusten duten aztarnategien multzoarekin. Azterlanaren egileen arabera, espezie bakarreko animalia talde txikien ehiza espezializatua beste estrategia dibertsifikatuago batzuk baino eraginkorragoa izan zen. Gainera, aurkikuntza horiek iradokitzen dute ehiza irteerak ondo koordinatuta zeudela, eta parte-hartzaileek eginkizun bereiziak zituztela ehizak arrakasta zuela bermatzeko. Dirudienez, giza elkarlanaren maila edo “kalitatea” nahiko handia zen duela 200.000 urte.

Informazio osagarria

Aritza Villaluenga Martínez Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Historiaurrea Arloko irakaslea eta Historiaurreko Ikerketa Taldea: Giza eboluzioa, klima aldaketa eta kultura egokitzapena industriaurreko gizarteetan (GIZAPRE) taldeko kidea da.

Villaluenga 2013an hasi zen Schöningeneko aztarnategian (Alemania) lan egiten. Toki hori ezaguna da bertan egurrezko lantzen multzo bat aurkitu zelako, mota horretako tresna ezagun zaharrenena.

Erreferentzia bibliografikoa


OSZAR »